Hona hemen aholku sinple batzuk dislexiari etxean bertan aurre egiteko:
- Arreta gehiago eman umearen esfortzuei, lortuko duen errendimenduari baino. Dislexiak segurtasunik eza handia sortzen dio umeari; horregatik da hain garrantzitsua umearen ahaleginak eta arrakasta txikiak onartzea eta baloratzea, bere konfidantza-maila gehitzeko.
- Bere liburuak umearekin batera irakurri, irakurketa-prozesua abentura interesgarria eta gustukoa izan dadin.
- Ariketa ugari eta errepikapen-saio asko eskaini. Umeak behin eta berriz aritu behar du, gauzarik sinpleenekin bada ere.
- Konparazioak alde batera utzi, bere anai-arreba eta lagunekin batez ere.
- Inoiz ez utzi umea barregarri bere akatsengatik; ezta alfer edo baldartzat hartu (ez baitira); are gutxiago beste inoren aurrean.
- Indartu eta sendotu bere autonomia pertsonala. Dislexikoak izateagatik ez dute gurasoen gehiegizko babesik behar.
- Ez dramatizatu, ezta arazoa neurritik atera ere. Umea gurasoen angustiaz kutsa daiteke, alfer-alferrik kutsatu ere.
Zer gehiago egin dezakete gurasoek?
Eskolako porrota ez da gauetik goizera agertzen den zerbait. Eta, gainera, arazo horri aurrea hartzea badago, hasiera-hasieratik neurri egokiak hartuz gero.
Txiki-txikitatik estimula ezazu umea
Ume baten aurreneko urteak erabakigarriak dira garapen intelektualerako. Garrantzi handikoa da, beraz, estimulu egokiak eskaintzea, galderak eginez, musikaren laguntzarekin, marraztera bultzatuz, etab.
Eredu ona emaiozu
Umeak zer ikusi, hura ikasi. Horrexegatik, garrantzitsua da zuri ere kultura interesatzen zaizula umeari azaldu eta frogatzea: liburuak gomendatuz, antzerki-aretoetara edo erakusketetara joanez…
Ikasketekiko interesa azaldu
Eta ez notekin bakarrik. Zein liburu ari den irakurtzen galde iezaiozu edo etxeko lanekin laguntza eskaini. Denbora asko ez bada ere, minutu batzuk berarekin ematea benetan eskertuko dizu.
Ez exijitu gehiegi
Gurasook beti nahi dugu onena gure seme-alabentzat, baina kontuz! Ez nekatu eskolaz kanpoko jarduerekin, klase bereziekin, etab. Emaitza okerragoak lortzeko arriskua dago.
Irakaslearekin harremanetan egon
Behin eta berriz hitz egin harekin. Aholkua eskatu eta jarraitu beharreko estrategiarik onena hitzartu. Batasunak indarra ematen du.
No hay comentarios:
Publicar un comentario