Egoera horren aurrean egin beharreko lehenengo gauza gure semearen edo alabaren errendimenduari eragin diezaioketen kausa edo arrazoi posibleak detektatzea da.
FAMILIAKO GIROA
Familian bizi duten giroa izaten da gazteen ikasketetan gehien eragiten duen faktoreetako bat. Gurasoen jarrera gogor edo zorrotzegia, anai-arreba txikiagoren batek eragindako zeloak, maitasun falta, norbere gaitasun eta ahalmenekiko konfiantzarik eza, etab. izan daitezke eskolako porrotaren arrazoiak.
Kasurik gehienetan, faktore horiek benetan gertatu ez arren ere, umeak horietan sinesten badu, eragina egiazkoa izango da. Horregatik, kasu hauetan onena gure seme-alabekin hitz egitea da, egia osoa mahai gainean jartzea, inolako mehatxu eta zigorrik gabe, beretzat hain kaltegarria den egoera hori konpontzen saiatzeko. Beste kasu batzuetan, ordea, psikologo edo hezitzaile espezializatuen laguntza eskatzea beharrezkoa da.
MOTIBAZIO FALTA
Gure seme-alabek nota txarrak ateratzeak ez du esan nahi ezinbestean ikasteko gaitasunik ez dutenik. Adibide batzuk emateko, Einstein adimen urrikotzat jo zuten eskolan, eta Goethe idazle handiak ez omen zuen ortografian gutxieneko maila gainditzen. Gaztea desmotibatua dagoenean, oso gauza normala da ikasketetan ere mailarik ez ematea.
Egoera horren aurrean, benetan interesatzen zaion gai bat lantzera animatu behar genuke, nahiz eta eskolako gaien artean egon ez. Ez dio axola, hasiera batean, mitologia greziarra den edota gehien gustatzen zaizkion musika-taldeak diren. Kontua gaztearen interesa piztea da, eta metodologia akademikoa erabiltzen ikastea. Horrela, hain erakargarriak gertatzen ez zaizkion gaiak ikasten hastea errazagoa gertatuko zaio. Tutorearen edo irakaslearen laguntza eska dezakegu, dena den.
ARAZO FISIKO EDO PSIKOLOGIKOAK
Ez dira sarritan gertatzen, baina ezin dira aldez aurretik baztertu; izan ere, batzuetan eskolako errendimendu baxua (porrotera iritsi gabe ere) arrazoi fisiologikoengatik izan daiteke: entzumen- edo ikusmen-arazoak, hizketaren ingurukoak, dislexia eta abar. Normalean adinez gazteagoak diren umeei erasaten dieten faktoreak izan ohi dira, eta diagnostikatu ondoren, lan bereziarekin edota laguntza-geletan gainditzen dira.
No hay comentarios:
Publicar un comentario