21 enero 2007

ESKURATUTAKO ETA GARAPENEZKO DISLEXIA

Eskuratutako dislexia eta garapenezko dislexiaren arteko berezitasunak: Aldez aurretik ongi irakurtzen zuen subjektuan garun-zauriaren ondoren agertzen diren eragozpen lexikoak, alde batetik, eta arazo neurologikorik, emozionalik, ekonomikorik edo kulturalik gabeko ume batek eduki ditzakeen ezintasunak, bestetik, desberdinak dira. Aurrenekoan, zergatiaren eta ondorioaren arteko lotura dago eta eskuratutako hiru dislexia mota aipatzen dira: dislexia fonologikoa, sakoneko dislexia eta gainazaleko dislexia. Bigarrengoan, berriz, eragileen aurkikuntzan datza gaur egungo azterketen erronketako bat.

Era askotako ikerketak egin dira: arazo kromosomikoen aurkikuntzara bideratutako azterketa genetikoak; garunaren ekintza elektrikoaren edo potentzial oroituen zinetika espezifikoaren eredu bereziaren bila zuzendutako arakaketa elektrofisiologikoak; garunaren odol-emariaren eta medikuntza berriaren beste zenbait parametroen ahalezko desberdintasun funtzionalei dagozkiekeen eragileei lotutakoak; istripuz hildako dislexikoen zerebroen eraketa eta egituraketaren konparaketarako autopsiak; irakurketaren bitarteko begi-mugimenduen, hizkien ezagutzaren edo koloreen finkatze uneko ikusmen parafobealaren eta periferikoaren azterketak; aztoramenaren prebalentziari zuzendutako ikerketa epidemiologikoak.

Ume dislexikoen garunean lesiorik aurkitzen ez denez, arazoaren eragilea alor genetikoan (bilakaera enbriologikoan), zerebroaren disfuntzionamenduan edo simetrizazioan eta ikusmenaren berezitasunetan aurkitu behar den ideia darie ikerketa eta azterketa guztioi. Baina oso zaila da lexikozko aztoramenak eta aipatu diren berezitasunen arteko lotura eta korrelazioa nabarmentzea. Eginkizun elektrofisiologikoei eta ikusmenaren eraginkortasunari dagokioenean, batez ere, ez da erraza eragileak edo ondorioak diren jakitea.

Honela, ez da inoiz lortu ikusmen-haumatearen eta dislexiaren arteko harremana frogatzea. Gainera, kontutan eduki beharrezkoa da irakurketa ez dela berezko ekintza, kulturala baizik eta, idazketaren bitartez, estuki lotuta dagoela hizkuntzarekin; egiaz, idatzitakoaren eta hitz egindakoaren artean, idazketa hizkuntzetara moldatzeko ereduen artean, desberdintasun handiak daude, baina idazketan zehar ikusten direnak ez dira aztarna ikuskorrak soilik, sinboloak ere badira.

No hay comentarios:

ONDO PASA

Creative Commons License
blog hau creative commons-en lizentziaren menpe dago.